Uso de Cookies Las cookies nos permiten ofrecer nuestros servicios. Al utilizar nuestros servicios, aceptas el uso que hacemos de las cookies.

ACEPTAR Más información.

ERREGE BEZPERAKO BAZKARIA

ERREGE BEZPERAKO BAZKARIA

Errege bezperako txotxaren 21. edizioa izan dugu iragan urtarrilaren 5ean. Bideo txiki bat ere egin dugu egun gogoangarri hau ospatzeko. Izan ere, tradizioak agintzen duen legez, aurten ere sagardotegiko hernaniar eta astigarragatar lagun eta bezeroak batu baititugu bazkari eta mus txapelketa egiteko. Hain zuzen ere, txotx denboraldiaren irekieraren aurrekari gisakoa izan ohi baita hauxe.

Ohiko agurren ondoren, sagardo berria dastatzeko aukera izaten dute 50 bertaratutakoek. Ondoren, denak batutakoan, urteroko familia-argazkia atera dugu aurten ere upeltegian. Beranduxeago, bazkaria: hasieran, pikatzeko zerbait, eta, gero, xapoa erromatar erara, xapoa labean, txuleta, eta, bukatzeko, postrea: gazta eta sagar-dultzea intxaurrekin.

Gustura jan eta edan ondoren, mus-txapelketaren txanda izaten da. Aurten ere 30 bat pertsonek parte hartu dute, eta, azkenean, Antonio Leunda eta Iñaki Ubarretxena ‘Paxkual’ suertatu dira garaile. Txapela bana jaso ere egin dute. Honenbestez, egun ederra aurtengoa ere lagun eta bezero artean, hitz egiten, barrez eta gozatzen sagardoaren inguruan, sagardotegiaren kulturan. Orain, txotx-denboraldi berriaren sasoia datorkigu!

Hona hemen bideoa: