Uso de Cookies Las cookies nos permiten ofrecer nuestros servicios. Al utilizar nuestros servicios, aceptas el uso que hacemos de las cookies.

ACEPTAR Más información.

TXOTX GARAIA HEMEN DUGU!

TXOTX GARAIA HEMEN DUGU!

Urte berriarekin batera txotx garai berria ere badatorkigu, Euskal Herriko, Gipuzkoako sagardotegietan upelatik sagardoa dastatzeko garaia, hain zuzen ere. Gurutzetan urtarrilaren 5ean ekin diogu probatzeari, urtero bezala, lagun eta senitartekoen arteko sagardo dastaketa eder batekin. Txotx garaiaren aurrekari gisa egiten dugu familia-hamaiketakoa hau, eta, honen erakusle, bideotxoa ere prestatu dizuegu. Txotx garaiaren irekiera, berriz, Gurutzetan hilaren 15ean izango dugu, zehazki; hala, apirilaren 16era arte urteko sagardoaz gozatzeko aukera izango duzue bazkari eta afari orduetan. Hilabeteotan astelehen, astearte eta ostegunetan ohiko sagardo menua, baina bakailurik gabea, 22 eurotan, alegia, eskainiko du Astigarragan kokatuta dugun sagardotegiak.

Apirilaren 18tik maiatzaren 31ra bitarte, ordea, soilik ostegun gauez eta ostiral eta larunbat eguerdi eta gauez irekiko dugu sagardotegia. Igande eta jaiegunetan itxita izango da. Dena den, urteko gainerako egunetan bodega zabalik egongo da, beti bezala, botilaratutako sagardoa zuzenean nornahiri saltzeko asmoz.

Hori gutxi balitz, asteazkenero Donostiako otxote baten emanaldia antolatzen jarraituko dugu txotx garaian, otsailaren 10etik apirilaren 13ra bitarte, 20:30etik 23:30ra, hain justu. Ekimena antolatzen hasi ginenetik harrera polita izan du beti. Bost dira, zehazki, sagardotegitik pasako diren taldeak: Gaztelubide, Gaztelupe, Ertizka, Eguzki Lore eta Ozenki. Sagardo berria dastatzeko denboraldia hemen dugu jada. Txotx!!!