Uso de Cookies Las cookies nos permiten ofrecer nuestros servicios. Al utilizar nuestros servicios, aceptas el uso que hacemos de las cookies.

ACEPTAR Más información.

SAGARDO BERRIA, GURUTZETATIK HERRIRA

SAGARDO BERRIA, GURUTZETATIK HERRIRA

Ilusioz ekiten diogu urtero Gurutzeta sagardotegian urte hasierari, udazkenean egindako dolareko lanari zuku guztia ateratzeko garaia izaten baita: sagardo berria herriari aurkeztekoa eta dastatzekoa, alegia. Eta aurten, are ilusio handiagoz hasi dugu 2022a, batetik, aurten bai, Sagardo Berriaren Eguna ospatu egingo delako, eta, bestetik, gurean, Astigarragako Gurutzeta sagardotegian ospatuko delako.

Datorren asteazkenean, urtarrilaren 12an emango diogu hasiera 2022ko sagardotegi denboraldiari eta AMAK musika taldeko Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano izango dira gure sagardo berria dastatzen aurrenekoak.

Oraingo hau bigarren aldia dugu Gurutzeta sagardotegian, Sagardo Berriaren Eguna ospatzeko ohorea duguna; 2018an Alberto Iñurrategi izan genuen gurean, zeregin horretan. Baina, 2022an egoera bestelakoa dugu, eta ilusio adina ardurarekin ari gara guztia antolatzen.

Izan ere, egoera berezia bizitzen jarraitzen badugu ere, gure lagun, bezero eta sagardozale guztiek merezi dute ahalegina. Txotxerako indar handiz datorren sagardoa dugu, gainera, aurtengoa, karboniko maila nabarmenekoa baitator, kolore argi eta gorputz arinekoa, eta, beraz, edan-erraza. Baina, batez ere, kalitate gorenekoa, guzti-guztia, Euskal Herriko sagarrekin egina, hainbat kupela 'Euskal Sagardoa' Jatorri Deituradun sagardoarekin betetzeko.

Gozatu dezagun bada, urte berriak dakarkiguna eta hasiera berri baten alde egin dezagun topa; hemen dugu, gure sagardo berria!