Uso de Cookies Las cookies nos permiten ofrecer nuestros servicios. Al utilizar nuestros servicios, aceptas el uso que hacemos de las cookies.

ACEPTAR Más información.

APURUA EDO LEHEN SAGARDO-DASTAKETA

APURUA EDO LEHEN SAGARDO-DASTAKETA

Tradizio den bezala orain dela hamarkada askotatik gure sagardotegian, iragan abenduaren 24ean, 19:30etan, zehazki, sagardotegiko upeltegiko ateak zabaldu genituen ekitaldi berezi bat egiteko. ‘Apurua’ edo ‘Apuroa’-z ari gara, 2018ko urtarriletik dastagai izango dugun sagardoaren aurreneko probaketan datza, hain zuzen ere.

Iristen lehenak Ergobiako Joaquin eta Andoni Arzallus izan ziren, 82 eta 85 urtekoak, horietako baten seme eta hiloba batekin, baita euren Iñaki Garaño koinatuarekin ere. Familia hau orain dela 56 urtetik etortzen zaigu sagardotegira egun berezi honetan, sardin zahar tortilla, arrautza egosi eta ogiarekin beti, noski.

Hortaz, ikusi bezala, familia honetako lau belaunaldik jada mantentzen dute egun berezi honetan bertan lehen sagardoa dastatzeko usadioa. Garai batean Astigarraga eta Hernaniko sagardotegi frankotan egiten zen ohitura zen honakoa, inguruko bizilagun eta lagunek izango den txotxeko aurreneko sagardoa proba –edo ‘apuratu’?- zezaten.

Azkenean, 20:30ak heldu eta 30 lagunetik gora batu ginen sagardotegian, gure arbasoek egiten zuten bezalaxe, jaten, edaten eta abesten. Gurutzeta sagardotegian mantentzen jarraitzen dugun tradizioa historiko ederra. Katea ez da eten. Eguberri on guztioi!

Hona hemen ekitaldiko bideotxoa: