Uso de Cookies Las cookies nos permiten ofrecer nuestros servicios. Al utilizar nuestros servicios, aceptas el uso que hacemos de las cookies.

ACEPTAR Más información.

'EUSKAL SAGARDOA', ESTATU BATUETARA

'EUSKAL SAGARDOA', ESTATU BATUETARA

Euskal Sagardo zigilodun botilak merkaturatu diren lehen urte honetan, Ameriketako Estatu Batuetara bidali ditugu gure aurreneko botilak. Zehazki, 2017ko azaroaren erdialdera bidali genituen amerikar kontinentera. Jatorri Deitura berri hau salgai jartzen den aurreneko urtea dugu honakoa, izan ere, iaz aurkeztu baitzen marka, sagardogile sektore guztiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzaturik.

Euskal Herrian eginiko sagardo naturala dugu Euskal Sagardoa zigiluduna, %100 bertako sagarrekin ekoizturikoa, gure Astigarran kokaturiko (Gipuzkoa) sagardotegiko upeltegian, hain zuzen ere. Hazi Fundazioak ziurtatzen du ekoizpen-prozesu guztia, alegia, sagastietatik hasi eta botilaratu arteko ibilbide osoa. Nola? Azterketa zorrotzen bitartez, analitika franko eginez, eta, hori gutxi balitz, panel organoleptiko bat ere pasa behar izaten du beti sagardoak.

Errusia, Japonia, Ingalaterra, Italia, Frantzia… Gurutzetan urteak daramatzagu sagardoa munduko herrialde askotara bidaltzen. Gurean argi eta garbi baitugu sagardoa euskal kulturaren ordezkaririk hoberena dela, gure arbasoen gizaldietako lan eta bizimoduaren bozeramaile fina, Euskal Herriaren historiaren parte garrantzitsu baten ordezkari leiala.