Uso de Cookies Las cookies nos permiten ofrecer nuestros servicios. Al utilizar nuestros servicios, aceptas el uso que hacemos de las cookies.

ACEPTAR Más información.

ERREGE BEZPERAKO TXOTXAK 20 URTE

ERREGE BEZPERAKO TXOTXAK 20 URTE

Errege bezperako ekitaldia antolatzen hasi ginela hogei urte igaro diren honetan, bideo txiki bat egin dugu egun gogoangarri hau ospatzeko. Izan ere, urtero-urtero egiten dugun bezalaxe, aurten ere sagardotegiko betiko lagun eta bezeroak batu ditugu bazkari eta mus txapelketa egiteko urtarrilaren 5ean. Hain zuzen ere, txotx denboraldiaren irekieraren aurrekari gisakoa izan ohi baitugu ekitaldia.

Ohiko agurren ostean, sagardo berria dastatzeko parada izaten dute bertaratutakoek. Ondoren, denak batutakoan, urteroko familia-argazkia ateratzen dugu upeltegian. Beranduxeago, bazkariaren txanda izaten da: hasieran, pikatzeko zertxobait, eta, ondoren, rape rebozatua, rapea labean, txuleta, eta, amaitzeko, postrea, gazta eta menbrilloa, intxaurrekin. 50 lagun inguru batzen gara urtero sagardotegian.

Bapo jan ostean, mus txapelketa izan ohi dugu. Aurten 30 bat pertsonek hartu dute parte, eta, azkenean, irabazleak Kepa eta Iñaki Ubarretxena lehengusuak izan dira. Kopa eta txapela bana jaso zuten. Honenbestez, egun ederra aurtengoa ere lagun eta bezero artean pasatzekoa, hitz egiten, barrez, gozatzen, beti sagardoaren inguruan, txotx denboraldi berria badatorrela eta motorrak berotzen. Txooooooootx!!!

Honatx bideoa: